Ez nekien NBEren aholkularien artean emagin bat dagoenik. Badago, bada: Helena Eyimi. Erditzearen inguruko aholkularia da erakundean, eta duela gutxi egin dioten elkarrizketa bat irakurri dut sarean. Biolentzia obstetrikoaz, emakumeei eman beharreko aukerez, erditzeetan alferrik egiten diren praktikez... ari da elkarrizketan, eta bederatzi hilabete atzera egin du nire buruak. Eyimik dioenez, erditzea misterioa da oraindik ere, eta erabat kontrolatu nahi dugun arren, ezin dugu. Eta ezin horretan erditzear den emakumearengan asko pentsatu gabe hartzen dira zenbait erabaki.
Nire erditzea ederra izan zen; zesarea eta guzti. Ez zidaten ezer egin azalpenik eman gabe eta nire baietzik izan gabe. Bederatzi hilabete pasatu nituen neure buruari esaten mundua mundu denetik erditu direla emakumeak, eta ni ere erdituko naizela. Kontua da ez nintzela beharko nukeen bezain lasai joan ospitalera. Beldur nintzen. Ordea, nire beldurrak ez zeuden erditzeari berari lotuta, beste erditze batzuetan gertatu izan diren gauzei baino. Nire beldurra zen oinazeen erdian ezetz esateko gaitasunik ez izatea, beharrezkoak ez diren episotomiak jasatea, lodi nagoelako entzun behar ez dudan zerbait entzutea... Irakurri dut Eyimi, eta berriz ere geratu zait argi emakumeok ez diegula beldurrik gure gorputzaren aukerei, gure gorputzaz egiten den erabilerari baino.