Ameriketako Estatu Batuetatik datozen notiziak ez dira atseginak. Ikusten ditugu umeak Poliziari oihuka haien gurasoak atxilotu ez ditzaten. Ikusten dugu Polizia jendea hiltzen eta umeak erabiltzen gurasoengana iritsi ahal izateko. Eta entzun dugu presidentea edozer esaten. Edozer. Antza denez, Trumpi iruditzen zaio lantzean errugabe bat hiltzen ikustea hobe dela, Minnesota osoa gaizkilez beteta ikustea baino. Hemen kontua da harentzat eta guretzat gaizkileak ez direla jende bera. Askotan pentsatu izan dut hemen ere halako zerbait nahiko lukeela jendeak. Euren burua ezkertiartzat duen jendeak ere itzelak esaten ditu gurera etortzen direnei buruz. Harrigarria bezain gogorra zait zenbait iritzi entzutea. Gure zaharrak zaintzen dituen jendea, gure etxeak garbitzen ari dena, gure tabernetan miseriaren truke lan egiten duena, guk jango ditugun marrubiak edo piperrak zaintzen ari dena, guk edango dugun ardoa egiteko mahatsa biltzen duena kritikatu egiten dugu.
Pertsonak naturaz gara miserableak, edo halako zerbait. Beti zapaltzen dugu gu baino zaurgarriagoa den jendea. Daukagun guztia benetan bankuarena bada ere, kalean aterkiak saltzen ari direnei sorbalda gainetik begiratzeko boterea ematen diogu geure buruari. Geuk. Geure buruari. Faxismoak beldurra ematen du, baina batzuetan gutako askok ere bai.