Ez dago beste hizketagairik: bero handia egiten du. Jendea ari da haizagailuak erosten, etxean aire girotua jartzeko planak egiten, puzka, lotarako leku freskoak bilatzen, dutxa hotzak hartzen… ikusten ditugun lagun guztiekin hitz egiten dugu beroaz. Gauza asko gelditu dira bertan behera: ez San Joan suak bakarrik. Eta horretan ari ginela aurkitu genuen Karmele, motxila lepoan, itsasorako bidean. Trago bat hartzeko gonbita egin zigun. Beroak jota geunden gu eguerditik umeek dantzan nola egiten duten begira, eta etxerantz jo genuen. Berak esan zigun ez zuela ondo ulertzen beroa egiten duelako gauzak aldatzea edo bertan behera uztea. Bero egiten duela, baina bizi egin behar dugula esan zigun. Arrazoi potoloa gaineratu zuen: Non egin behar da borrokan klima aldaketaren kontra? Goazen hara! Nortzuk joan gara, ordea? Zenbat kezkatu dira orain arte? Bada, orain izorra gaitezen guztiok.
Barre egin genuen, baina gero esan nion ahizpari arrazoi ederra bota zigula Karmelek. Bagenekien hau gertatzen ari zela. Ez genuen ezer egin. Orain ere nahiago dugu beroagatik kexatu egiten ditugun gauzak bi aldiz pentsatzea baino. Kapitalismoaren abiadura handiegia omen da, baina astiroago ez du ia inork bizi nahi. Izorra gaitezen, beraz. Berandu espabilatu garenak, espabilatu nahi ez dutenak eta hasieratik konturatu zirenak: guztiak.