Onintza Enbeita

Beste bat

2026ko maiatzaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela 47 urte jo nuen gure amaren erraien atea. Bihar bezalako egun batez 73 bete zituen gure aitita Balendinek. Ez zitzaion ondo iruditu nire protesta ariketa: berak bere egunean jaio nendin nahi zuen, eta nik zakila izan nezala eskatu zion unibertsoari. Bezperan etorri nintzen eta zakila beste norbaitek har zezan utzi nuen oraindik ezer ez garen anabasa horretan. Errebeldiak batu gintuen aitita eta biloba. Errekan gora egindako ahaleginek goiz asko edertu dizkidate, baina korronteak naraman lekura joatearen plazera ere probatu dut. Ez dut hau idazten zorion mezuak espero ditudalako. Edo ez horregatik bakarrik, behintzat. Hau idazten dut nire inguruan falta direlako 47 urtera iritsi ez ziren zenbait, eta haiei zor diedalako egun bakoitza opari eder bat bailitzan bizitzea, eta lotara noanean bizitzari beste egun bat eskatzea. Ez bainaiz ni hil ziren haiek baino azkarragoa, lasaiagoa, politagoa edo zintzoagoa. Ez baitut nik haiek baino gehiago merezi hemen jarraitzea, baina bizirik nago. Eta haiek oroitzapen eta izandako bizipenen lekuko mamutuak baino ez dira. Eta ni bizirik nago, eta hori ospatu nahi dut, eta oihu egin lau haizeetara: hemen nago. Ez dut bizi nahi gaur nire azken eguna izan daitekeenaren sentimenduari helduta: antsietateak hil egingo ninduke. Baina presente izan nahi dut gauzak gaur egin behar direla.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA