Onintza Enbeita

Betaurrekoak

2026ko maiatzaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atzo gaztea zinen eta gaur ezin duzu gauez irakurri. Ez duzu ongi ikusten. Hasten zaizkizu liburuko letrak elkarren gainean pilatzen, eta mugikorreko pantaila ez duzu garbi ikusten. Zeure buruari esaten diozu logura zarela eta aurrera jarraitzen duzu. Horrela pasatzen duzu bolada bat gauetan irakurtzeko ohitura albo batean uzteraino. Egunez irakurri dezakezunez, lasai gelditzen zara. Halako batean, egunez ere nahastu egiten zaizkizu letrak, eta senak esaten dizu aurpegitik urrutirago kokatu behar duzula telefonoa mezuak idatzi ahal izateko. Obarioen parean jartzen duzu pantaila, eta tira, enfokatzeko indar apur bat eginda, letra bakoitza bere lekuan ikusten duzu. Gauza txarrak pentsatzen hasten zara: zerbait daukazula begietan edo okerragoa dena, buruan. Izan ere, zuk beti ikusi duzu ondo. Azkenean optikoa harrapatzen duzu dendatik kanpo eta ea zer izan daitekeen galdetzen diozu. Barreka hasi, eta zuzenean galdetzen dizu: «Zenbat urte dauzkazu?». Eta zuk, zure onartu nahi ezaren jakitun, irribarre batekin esaten diozu zenbat urte dituzun, eta hark barre egiteari utzi gabe gehitzen dizu: «Horixe da, bada, gertatzen zaizuna. Pasa dendatik!». Eta orduan konturatzen zara perimenopausiari beste gauza asko gehituko zaizkiola datozen urteetan, baina aizue, zeinen dotore ikusten duzun zeure burua betaurrekoekin. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA