Gustatzen zait bizitza akumulatiboa dela pentsatzea: egunero egiten duguna ari dela etorkizuneko gu eraikitzen. Gustatzen zait beti horrela izan da esaten didan jendearekin eztabaidatzea. Gustatzen zait beti horrela izan diren gauzei noiztik da beti? erantzutea. Gustatu egiten zait gaur esan dudana egunen batean zuzendu egin beharko dudala sinistea. Ez da ezer gertatzen zure hitzak jatearren. Aldaketak, zintzoak direnean, beharrezkoak dira. Gustatzen zait duela 20 urtetatik hona nire bertsokera zenbat aldatu den ikustea. Gustatu egiten zait idazten zenbat ikasi dudan neure buruari aitortzea. Gustatu egiten zait orain modan dagoen musika ez izatea duela hamabost urte modan zegoena. Gustatu egiten zaizkit aldatzen diren gauzak: garapenak aldaketa dakarrelako.
Aldi berean, eta ulertzen ez ditudan arrazoiengatik, ordea, gustatu egiten zait gure aita gaur erreka ondora joango dela pentsatzea. Begiak itxi eta umetan lizar adarrak nola biltzen zituen ikustea. Gustatu egiten zait pentsatzea errekan gora datorrela itxarongo diogula aitari lizarrak atarian jartzeko. Distantziarik eta espaziorik ez balego bezala. Gustatu egiten zait pentsatzea ahizpekin dudan harreman kaotikoa beti kaotikoa izango dela sinistea. Aldatzen ez diren gauzek zapaltzeko lur finko bat ematen didatelako, nahiz eta egunen batean aldatu egin daitezkeela jakin.