Bizkargiko egun batez izan zen. Tontorrean nahikoa edanda jaitsi ginen Gorozikara, eta han ere egarririk ez. Arratsaldeko 18:00 aldera, Larrabetzura joatea pentsatu genuen. Han erromeria izaten da Bizkargiko eguna amaitzeko, eta hura ere harrapatu egin nahi genuen guk orduan. Hartu genuen autoa hala moduz, eta lagunak etxera deitu zuen afaritarako ez itxaroteko abisatzeko: «Larrabetzura goaz, eta berandu helduko gara», esan zion aitari. Hura ere gaztetan ibilitakoa izango zen, eta alabaren ahotsari tonuan zerbait igarriko zion: «biharko egunarekin akordatu zaitezte!», esan zion. Ez dugu harrezkero gutxitan erabili esaldi hori! Zelako barreak egin genituen autoan hurrengo egunaz. Iritsi zen hurrengo eguna, baina, eta aitak egingo zion alabari barre hurrengo egunean, bezperan guk haren esanari baino gehiago. Guk, ostera, damu gutxi.
Aurten ez dugu halako poteorik egin, eta ez gara Larrabetzura joan. Bizkargiko eguna ez da lehengoa parrandari dagokionez, eta geu ere ez. Ez dakit noiz hasi ginen bezperetan hurrengo egunaz gogoratzen, baina gero eta gehiagotan gertatzen zaigu. Pena da. Berez ateratzen ez bazaigu, nahita egin beharko genuke. Urtero aldi batzuk aukeratu eta gure burua derrigortu hurrengo egunaz ahaztera. Eta utzi datorrenari etortzen: buruko mina badakar, eutsi, eta ez badakar, askoz hobeto.