Ez dakit etsipenez, penaz edo haserrez irakurri dudan Trump eta Netanyahuren arteko bilerak eman duena. Geopolitikari dagokionez, bilera batzuk egin ere ez lirateke egin behar. Negargura baino ez dute ematen. Ez nuen askorik espero halako pertsonaia biren aldetik, baina munduari saldu dioten bakerako plana beldurgarria da. Errenditu daitezela besteak eta haiek umeak hiltzeari utziko diote, edo halako zerbait. Gazan egin nahi dutena zer den ikusita, ez dakit palestinarrei zer geldituko zaien. Presoak askatuko omen dituzte, bai, baina ez dute Palestinako Estaturik sekula onartuko batzartu direnek, ez haien menean ari direnek. Palestinarrek ezingo dute izan euren izatea onartzen duen alderdirik. Horrek guztiak zeren usaina duen badakigu. Munduko agintariek euren burua genozidioaren aurrean zerbait egin beharrean ikusi dutenean, bakerako plana deitu dioten zerbait anuntziatu dute beste bi hauek komunikabideen aurrean. Etsigarria da. Palestinarrak Palestinan bizi ziren Israel etorri aurretik. Israelgo Estatua zaharragoa da Hamas eta Hezbollah baino. Datu interesgarriak izan daitezke gatazka ulertzeko, baina gure agintariei ez diete ardura. Hamas eta Israelen arteko gerra dela irakurtzen dut oraindik leku askotan, eta sutan jartzen naiz. Israelek dena nahi du, eta ez genioke utzi behar. Besterik ezean, boikot egin dezakegu.

Bilera
Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)
Ordenatu