Lehen ez nituen ulertzen umeak dituenak isildu egin behar duela esaten zutenak. Ez nuen pentsatzen halako trantzeetan jarriko genituenik sekula gure aita eta ama. Egia esan, ideologikoki hurbil egon gara beti, eta gure kasuan ez genuen gurasoak sinbolikoki hiltzeko gauza handirik egin behar izan. Kontua da sekula egingo ez ditugula esaten ditugun gauzak ez direla handiak izaten. Gehienetan gauza txikiei begira egiten ditugu promesak, eta bizitza ez da beti gure laguna izaten: ez digu dena barkatzen. Nik barre egin izan diet seme-alabekin erraldoiak ikustera joaten ziren lagunei. Dultzaina hotsek mozkor osteko igandeetan burua noraino zulatuko zien imajinatzeak grazia egin dit. Eta nire lagunak hor joan dira autoan kantuan: «Erraldoiak dantzan daude…». Joan dira Tafallara, Lekeitiora, Iruñera, Bilbora… eta egin dituzte kalejira bat eta bi eta hiru eta lau dultzainaren doinuan dantzan. Azken heldu naiz amen ekipora, eta orain denak ditut barreka. Gure umea, uda honetan, Pitxitxiz maitemindu da. Pitxitxi Bilboko erraldoietako bat da. Dultzainaren doinuan egiten du dantzan, eta gure umeari gustatu egiten zaio imitatzea. Siesta ere laburtu egin zuen atzo: Pitxitxiri deika esnatu zen. Dultzaina doinuak jarri mobilean, eta dantzan ibili ginen. Asko hitz egiten duenak asko entzun behar du. Bota lasai: nire txanda da entzuteko.
Buelta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu