Onintza Enbeita

Dantza

2025eko azaroaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Emma Goldmanen esaldia nazkatzeraino errepikatu genuen: ezin badut dantzan egin ez da nire iraultza. Militatzen hasi ginenean bizi izandako zenbait esperientzia ez hain atsegini erantzuteko modua izan zen guretzat. Iraultza egiteko modu asko daude, eta iraultzaren barruan beste iraultza batzuk falta genituen orduan guztiok eroso sentiaraziko gintuen mugimendua eraikitzeko. Duela urte eta erdi inguru, gure herriko emakume batek bertsio euskaldunagoa eta hurbilagoa eman zidan: «Gauza alegreagorik ez dago dantza baino!», esan zidan. 90 beteta, musika entzuten duenean hankak berez mugitzen zaizkiola esan zidan: «Minik ez banu, orain ere pozik egingo nuke dantza!». Eta kontatu zidan gaztea zenean emakumeak ezin izan zirela tabernetara sartu, baina igandero egiten zutela dantzan «abarketak apurtu arte». Eta pentsatu nuen ea nola ez garen lehenago izan ikusteko kapaz. Poltsetan iltzatzeko esaldien bila ez dakit noraino joan gabe, hemen ere izan direla beren askatasuna dantzan aldarrikatu duten emakumeak. Gurea baino belaunaldi lotuagoetan jaio arren, jakin dutela une libreak bilatzen, lanari ihes egiten, zirkunstantzien motxila une batez bide bazterrean uzten. Iraultzaren pisua bizkarrean eramatea bezain astuna izango zen garai batean baserriarena eramatea, eta, Goldmanek bezala, gure amonek ere dantzan egin zioten aurre ezinari.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.