Onintza Enbeita

Deiak

2026ko otsailaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Inauterietan topo egin genuen. «Ez gara lehengoak», esan zidan. Gauza bera pentsatu nuen biok mozorrotu gabe geundela ikusi nuenean. Duela urte batzuk ez ginen etxetik atera ere egingo inauterietan trapuren bat gainetik bota gabe. Gauzak aldatu egiten dira, ordea:  zirkunstantziak berritu eta gu haietara egokitu. Hala ere, pentsatzen hasi nintzen txarrena ez dela ez mozorrotzea. Txarrena da egun batean utzi egin geniola inauterietan elkarri deitzeari. Urteren batean berak ezin zuelako, nik bertso saioa izango nuelako, bikotea, lana... orain ez diogu inauterietan elkarri deitzen mozorrotu egingo garela ziurtatzeko. Eta pentsatzen ibili naiz zenbat jende eder pasatu den nire bizitzatik egun batean deitzeari utzi, eta orain urrunekoa zaidana. Ez nintzen sekula haiekin haserretu, ez genuen aireportuan despedidarik egin, ez ginen hil... baina egun batean elkarri deitzeari utzi genion. Kito.

Zenbatetan esan diodan neure buruari gehiago deitu beharko niokeela hari edo honi, baina gero kosta egiten zait. Ez dut uste niri bakarrik kostatzen zaidanik, bestela gehiagotan hitz egingo nuke lagun askorekin. Maite ditugu lagunak, baina bizitzak betetzen gaitu gauzaz eta larrialdiz.

Datorren urtean deitu egingo diot lehen bezala: «Ez zait gustatzen aurtengo gaia, baina asmatuko dut zerbait». Eta esan gabe utziko dut «zurekin egotearren».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA