Onintza Enbeita

Denbora

2026ko ekainaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gure amamak esaten zuen umeak hazten ikusteak zahartu egiten gaituela. Egia da. Ez dut atso zaharren moduan hitz egin nahi, baina beti umetzat izan dugun jendea heldua dela onartzeak asko zahartzen gaitu. Eskolara eskutik eramaten nuen auzoko mutilak ia 40 urte ditu, nik lehenengoz Bizkaiko txapelketan parte hartu nuenean urte bi zituen neskatilak txapel bi eta hogeita hamapiko ditu honezkero, kirolari guztiak dira ni baino askoz gazteagoak, nerabezaroan miresten genituen aktoreak agure zaharrak dira kasi, gustatzen zaigun musika ez dator guztiz bat orain gazteak direnek entzuten dutenarekin, gure hizkuntzak ez dauka gazteenarekin zerikusirik, ni baino 15 urte gutxiago zituen neska batek operatu zidan hanka hautsia… eta gurasoak gero eta zaharrago ikusten ditut. Eta gure inguruan gero eta hutsune gehiago. 

Ez naiz bereziki filosofiko jaiki gaur, baina gure iloba txikiak 9 urte egingo ditu gaur, eta barbaridade bat iruditu zait. Noiz pasatu da denbora hau guztiau? Buruan koroa larrosa jantzita dantza egiten zuen neska txiki hura pozik eramango nuke orain ere barraketara, baina ia 10 urteko pertxenta honek ez du halakoak egiten zituenik gogoratu ere egin nahi; momentuz. Denborak baimenik eskatu gabe egiten du aurrera etengabe. Egin ditzagun ahalik eta gauza ederrenak pasatzen jarraitzen duen bitartean. 

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE