Onintza Enbeita

Deskantsua

2025eko irailaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Esan zigun iluntzetan etxera doanean bonbak etorriko balira bezala salto egiten duela ohera, eta hurrengo eguneko eguerdira arte egoten ei da askotan. Lo ez badago ere, gustatu egiten zaiola ohean egotea: deskantsuan. Ingurukoek barre egin zioten: 83 urte eginda dago gizona, eta deskantsurako astia laster izango duela esaten zioten. Ez zuen broma gaizki hartu: emazte defuntuarengana joateko gogoa ere bazuen. Heriotzaren aurreko lasaitasun hori ulertu ezin, eta kontatzen hasi ziren adin handiarekin hil den jendearen berri. Azken osaba 97 urterekin hil zaiola esan zuen batek, eta «nik ez dut hainbeste bizi nahi», erantzun zion gure deskantsuzaleak. Gutako edonor larrituko litzateke bizitzeko 14 urte baino ez zaizkiola gelditzen jakinda, eta harentzat gehiegi ziren. «Zertarako hainbeste bizi?», galdetu zigun eta inork ez genuen erantzuten jakin. Hurrengo egunerako plana eskaini genion, eta esan zigun esnatzen baldin bazen elkartuko zela gurekin. Atzera esan zioten espabilatzeko goizean, gero deskantsatuko zuela, baina berak argi zeukan: «Nik hil ere, ahal badut, nahiago dut deskantsatuta egin». Bere fedean arrazoia zuen: emazterenganako bidea neketsua izan zitekeen.

Heriotza tabua den gizarte honetan, ordaindu egingo nuke bizitzaren eta heriotzaren gaineko onarpen lasai hori izatearren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.