Onintza Enbeita

Doktrinamendua

2025eko irailaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zortzi urteko umeak esan dio aitonari edaten ari dena Israelgo Coca-Cola dela. Aitonak esan dio ea berak ez duen hori edaten, eta ezetz esan dio: amak bestea erosten duela, palestinarren aldekoa. Aitonak esplikatu dio supermerkatuko marka zuria duen freskagarria ez dela hain justu Palestinaren aldekoa. Umeak ez du nahastu nahi: argi dauka etiketa gorrikoa, Coca-Cola amerikarra, berari infinito gustatzen zaiona, ez duela edan behar. Hala azaldu dio amak, eta hala onartu du umeak. Merendolaren batean azaldu du umeak kontua, eta amari adarra jo diote: ondo doktrinatuta omen dauka.

Kausa justuen aldeko diskurtsoak umeari transmititzen saiatzen zara eta doktrinatzailea zarela esaten dizute. Umeari ezer zalantzan jarri gabe bizitzen irakasten diozu, errealitatea ezkutatzen diozu, eta ondo ari zarela iruditzen zaio mundu guztiari. Ez omen zaie umeei politikaz hitz egin behar. Bada, erratuta gaudela uste dut. Benetan doktrinatuta dauden umeak dagoenarekin konformatuko direnak dira: edozer gertatzen dela ere, sistemari eutsiko diotenak. Hori baino doktrinamendu handiagorik ez dago kapitalismoarentzat. Erabat koherentea ez izanda ere, kontraesanik igarri ere egiten ez duenak ondo barneratu du ikasi beharreko doktrina. Ulergaitza iruditzen zait sermoi ofizialaren ertzetan hezten saiatzen direnak izatea doktrinatzaileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.