Datorren urtean berrogei urte beteko dira gure aitona hil zela. Ez da efemeride garrantzitsua munduarentzat, baina esan nahi dudanari lotuta dago. 1986an, Jose Antonio Ardanza zen EAEko lehendakaria, eta gure aitona garai batean EAJn ibilia zen. Gero, Telesforo Monzonen eta haren seme-alaben bideari jarraitzea erabaki zuen, baina 70eko hamarkadaren amaieran eta 80koaren hasieran, buruzagi jeltzale asko ezagutu zituen. Denborarekin urrundu egin zen haiengandik, baina hil zenean lehendakariak telegrama bidali zion alargunari; gure amamari. Orain izan balitz, sare sozialetan tuit bat idatziko zukeen, baina orduan beste era batera funtzionatzen zuten doluak, kortesiak eta munduak. Kontua da gure amama haserretu egin zuela telegrama hark: «Konpromiso hutsagatik bidali dute!», esaten zuen. Berak izango zituen bere minak eta bere arantzak barruan. Ulertzen baitut normala dela garrantzitsutzat hartzen den kulturgile baten heriotzan instituzioek zerbait esatea. Klara Ealo ez zegoen pozik kortesiazko keinu horrekin. Pentsatzen dut keinu zintzoak bakarrik nahiko zituela bandoek markatutako bizitza gordinaren amaieran.
Robe Iniesta musikari handiaren heriotzan amamaz eta dolumin zintzoen garrantziaz gogoratu naiz. Badirudi sare sozialek mundu guztia behartzen dutela zerbait esatera, eta isiltasuna gauza ederra da.