Beti iruditu zait andre galanta. Ederra fisikoki eta interesgarria barrutik. Kontatzeko gauza asko dituenaren bizitasunaz hitz egiten du, baina bizitako guztia ezin du kontatu. Emakume eder askoren bizitzetan egon da gizon psikopata bat. Berean ere bai. Irribarrea atera egiten zaio oraindik, hala ere. Gure izeba batek esaten zuen bakoitzak aurkitzen duela bere burua zein arbolatan urkatu. Berari ere esaten ei zion amak berak bilduko zituela bere buruari sua emateko egurrak. Eskerrak esaera sinbolikoak baino ez diren, ze mundua jende askorentzat da ederragoa berak hemen jarraitzen badu.
Kafea hartzeko eseri ginen azkenengoan hezurretako minaz hitz egin genuen, eta «zu ere lan gutxi egina zara eta!», esan nion. Irribarre egin zuen, eta esan zidan lanak ez duela pertsona gaixotzen. Beste gauza batzuk direla emozionalki izorratzen gaituztenak: hainbeste izorratu ere, azkenean ondorio fisikoak izaten baititugu. Azalpen logikoa iruditu zitzaidan. Harreman toxikoak eta gizon psikopatak nire bizitzatik ezabatzeko beharra sentitu nuen. Ohetik bota nituen denak, beraz ez dakit zergatik kostatzen zaidan hainbeste telefono agendatik ezabatzea. Nik ez badut nire osasun emozionala zaintzen, nork zainduko du, bada? Egurrak bildu nahi ditut neure burua berotuko duen sua itzal ez dadin, arbolek, urkatzetik urrun, besarka nazatela nahi nuke.