Onintza Enbeita

'Ehatxeu'

2026ko apirilaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urteak daramatzagu esatea kostatzen zaigun izenak ikasten: Basque Culinary Center, Bilbao Exhibition Center, Urdaibai Bird Center, Green Capital, Bilbao Pride, Basque Digital Innovation Hub, Ikerbasque… Inori ez dio inporta izenetatik euskal, Euskal Herria, sukaldaritza edo txoriak desagertu izanak. Munduaren aurrean norbait egiten gaituzte ingelesezko izenek; nahiz eta oso jende gutxik esaten dituen ondo. Hizkuntza hegemonikoek oro har handi egiten gaituztela uste dute batzuek; euskarak, ordea, etxekotu. Amorru itzela hartu dute EHUk UPV galdu duelako. Esango didazue niri Urdaibai Bird Center ondo esaten dakienak ze arazo duen Euskal Herriko Unibertsitatea esateko; are gehiago, ehatxeu euskaraz eta gaztelaniaz berdin esaten bada. Esango didazue niri euskal herritarren zati bat kanpoan uzten duela UPV unibertsitatearen izenetik desagertzeak, baina esango dizuet nik euskararen kontra zaudetela. Bestela, ingelesezko izenen ondoan ere zeuen gaztelania maite hori jartzea nahi izango zenukete, baina arazoa ez da ingelesa, arazoa ez da komunikazioa: arazoa euskara da zuentzat. San Miguel eskatu eta «no sé euskara» esaten duten tabernariekin haserretzen naizen moduan haserretu naiz zuekin denokin. Ezin baduzue Euskal Herriko Unibertsitatea esan zuen gailentasun moraletik, esan ezazue ehacheu, sikiera. Ez da hain zaila.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA