Elaiak etorri dira atarira. Urteak ziren ez zigutela habiarik egiten. Hau poza! Baserria konpondu genuenean joan ziren hemengo traste eta zarata pilarekin, eta halako batean itzuli egin dira. Ataurrea txori kakaz beteta daukat, baina pozik nago. Enarek oroitzapenez betetzen naute. Txoriak baino ez dira, baina magia egiten jakingo balute bezala, umetako bizipenak, ziklo aldaketak, etxe honetan bizi izandakoak… dena ekarri dute bueltan. Aitak atartearen kanpoko aldetik begiratzen die ez molestatzeko, gu sartu-irtenean ari gara eta gure gainetik sartzen dira habia egiteko materialarekin. Gure moduan dabiltza haiek ere sartu-irtenean. Txoriak jaiotzen direnean izango da txioa eta zaparrada! Ahizpak esan zidan ea gogoratzen nintzen amamak esaten zuela zori ona ekartzen dutela elaiek. Bai, akorduren bat badaukat nahiz eta goizegi itzali zen amamaren oroitzapen eta jakintza kutxa. Ilusioa ekarri digute, behintzat. Asko behar ez dugun seinale!
Zenbat gustatzen zaizkidan itzultzen diren zenbait gauza. Dena ez, jakina. Badira betirako atzean utzi beharrekoak, baina aspaldiko lagun bat berriro aurkitzea bezain ederra izan da txori migratzaile hauek geldialdia gurean egitea. Baserria erortzear zegoela alde egin zuten, eta bizirik dagoela itzuli dira. Erromantikoa izango naiz agian, baina ez dut uste kasualitatea denik.