Sareetan irakurri dut elkartasun feminista epaituko dutela datorren astean Donostian. Arnasa hartu dut. Nola da posible biktimari lagundu diotenei erasotzaileak jarritako salaketa epaiketara iristea? Biktimari laguntzea noiztik da delitua? Arnasa hartu dut berriz. Tortura latza izan behar du biktimarentzat bere lagunak, babesa eman diotenak, herrikideak, epaitegiko atetik sartzen ikusteak. Erasotzaileak egin du berea: biktima gehiago biktimizatu, mindu eta zapaldu du. Halako harreman zail batetik ateratzeko indarra bildu, inguruan laguntza eskatu, eta, orain, ikusi behar du nola kriminalizatu nahi duten jaso duen elkartasuna. Badirudi zailagoa dela tratu txarrak demostratzea, erasotzaileari biktimaren kontra nahi duena egin dezan debekatzea baino. Arnasa hartu dut berriz, eta ez daukat behar adina aire korapilatu zaizkidan sentimendu guztiak adierazteko. Mundua alderantziz dago: erasotzaileak ahaldunduta daude, eta erasoak jasan dituztenak beldurtuta. Biktima bat zalantzan jartzen dugun aldiro, erasotzaile guztiek irabazten dute.
Ni Zestoako seiekin nago. Ez enpatiagatik bakarrik. Ideologikoki ere bai. Indarkeria matxista ezabatu nahi badugu, hura baliatzen dutenak epaitu behar ditugu, ez lagun bat haren saretik libratu dutenak. Indarkeria matxistak irabazten digun zentimetro bakoitza gizarte osoaren porrota da.