Donostiako elkarte batek bazkide bat kaleratu du emakume bati sukaldean sartzen uzteagatik. Duela berrehun urteko titularra izan zitekeen, baina aste honetakoa da. Esango didazue elkarteak pribatuak direla eta nahi dituzten arauak jar ditzaketela. Esango didazue emakumeek elkarteetan sartu nahi badute, haiek bakarrik gobernatuko dituzten elkarteak sor ditzaketela. Esango didazue elkarteak barrutik aldatzen ari direla, eta ez dagoela titularrik idatzi beharrik. Esango didazue nahi duzuena, baina ez da normala. Ez da normala halakoak gertatzea, eta are gutxiago justifikatzea. Demagun elkarte batek norbait kaleratzen duela Realekoa ez den jendeari sartzen utzi diolako, edo elkarteko batzorde gorenak esaten duela ez dituztela estatutuak aldatuko beltzei sartzen uzteagatik, edo zu hiltzen zarenean ez diotela zure partea zure umeari emango ez delako biologikoa, edo ile luzea daukatenei bazkide izateko aukera kentzen diotela, edo bazkide batzuk sukaldean galtza motxekin sartu direlako batzar orokorrera deitzen dutela.
Bada, zentzu bera dauka emakume izatearren bakarrik norbait elkarte batetik kanpo uzteak. Emakumeak bigarren mailako hiritarrak ginenean onartutako estatutuak ez aldatzeak ez du inor tradiziozale egiten: matxista, baztertzaile eta misogino baizik. Arauak alda daitezke. Horretarako behar den bakarra borondatea da.