Berdin du bidaia luzea edo laburra den. Autoan elkartzen garenero egiten dugu gauza bera: bakoitzak kantu bat jartzen du. Haiek baino askoz zaharragoa naiz ni. Barre egiten didate aukeratzen ditudan zenbait kantarekin, baina nik burugogor eusten diot nire txandari. Bakoitzak gustatzen zaion kanta bat jartzen badu txanda datorkionero, ez daukat zertan haiei ere gustatuko zaien zerbait jarri. Beste heldu batzuekin askotan izan dudan eztabaida da, baina gure autoan horixe da joko araua. Osaba gurekin datorrenean, txandak alferrik galtzen dituzte: Athleticen ereserkia jartzen diote izorra dadin. Ez didate kasurik egiten: «Ez utzi emozioei goia hartzen, osaba haserretzearren txanda galtzen ari zarete». Ezin dute. Eta nik ez diet barkatzen, jakina: txanda galdu bat berreskuratzerik ez dago.
Zenbat aldiz eskatzen diodan bizitzari pasio hori ez dezadala neuk ere galdu. Emozioek ez ei dute inoiz gerrarik irabazi, baina momentu ederrak ematen dizkigute. Arrazoiak gidatzen gaitu gehienetan, baina akaso ez beti ondo. Adinarekin ikasi egiten dugu estrategiak antolatzen, egingo genukeena maukapean gordetzen eta komeni zaiguna egiten. Ze ederra zaidan, ordea, 8 urteko iloba nire bikoteari oihuka kantuz entzutea. Ez da futbola pasioz bizi dezan nahi dudan gauza bakarra. Nahiko nuke hizkuntza, herria, feminismoa… pasio horrekin biziko balitu.