Sarritan pentsatu dut sexu erasoak baino errazago ulertzen ditugula lapurretak, tipifikatuago daudelako. Baita justizia sistemarentzat ere: epaileak badaki zenbat ostu behar duzun faltatik delitura salto egiteko, badaki indarkeriaz egindako lapurreten eta halakorik gabekoen artean bereizten… Gauzak esplikatzea errazagoa da. Zer esanik ez, asko laguntzen du biktimak inork zalantzan ez jartzeak; hau da, inork ez du frogatu behar izaten epailearen aurrean ea ostu dioten edo ez. Lapurra izaten da, normalean, frogatu behar izaten duena ostu duena ez dela bera izan.
Sexu erasoez eta abusuez ari garenean, hori guztia aldatu egiten da. Gehienetan biktima izaten da erasoa gertatu egin dela azaldu behar duena, eta behin gertaera gertatu dela frogatzen denean, badira kasuak hura gertatzea ez zuela nahi ere frogatu egin behar duena biktimak. Ez dakit gizarte bezala konturatzen garen horrek zer esan nahi duen erasoa jasan duenarentzat. Eta gero, badaude kasuak ez direnak delitutzat hartzen. Ez dago faltatik deliturako saltorik. Epaile askok marra lausoetan egiten dute dantzan sexu erasoetan indarkeria egon den edo ez determinatzeko. Eta dena iluntzen da. Bide luzea egin da sexu indarkeria normaltzat hartzen zenetik hona, baina gehiago gelditzen zaigu egiteko. Zaila baita sistemak zigortu nahi ez dituen jokabideak gure ingurutik ezabatzea.

