Baserri gehienetan esnetarako behi gutxi batzuk izatetik, etxe gehienetan bat bera ere ez izatera salto egin dugu urte gutxian. Ekoizpen ereduaren aldaketak dena aldatu zuen: esnea tetrabriketan saltzen duten enpresa handientzat askoz errazagoa zen goizero etxe gutxitan esne asko biltzea, etxe askotan esne gutxi bildu behar izatea baino. Ekoizpen xumea zuten ukuiluak hustu ziren, eta etxalde handietan ekoizten da esnea orain, batez ere. Eredu intentsiboa asko garatu da. Gutxi gorabehera esanda, badaude behiak jezten dituzten robotak, badaude behiei asketara belarra hurbiltzen dieten makinak, badaude belar lehorra biltzeko traktore erraldoiak… baina enpresa bati saltzen diote gehienek eta hark agintzen du zein preziotan erosiko duen litro bakoitza. Zoritxarrez, pentsuaren prezioak gora egiten duen aldiro ez dute esnearena igotzen.
Badira merkatuaren logikatik kanpo atera diren etxaldeak. Zuzeneko salmentara jo dutenak, eta askoz ere behi gutxiagorekin bizimodua ateratzen dutenak. Behi gutxiagok esan nahi du, esate baterako, errazagoa zaiela etxeko edo inguruko belardietan dagoenarekin negua pasatzea, eta pentsu gutxiago behar dutela. Edo purinak ez direla hain arazo handia. Dozena bat behirekin soldata duina ateratzen duen jendea badago. Argi dago eredu bietako bat erratuta dagoela, eta ez naiz ni izango zein den esango duena.
 
    