Onintza Enbeita

Erritualak

2025eko urriaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur gauean hildakoak gure munduan ibiliko ei dira bueltaka. Neure buruari ez diot sinesten uzten, baina erraietan pena ematen dit ez sinesteak. Gugandik harago zerbait badela pentsatzeak asko erraztuko lidake bizitza; batez ere, ulertu ezin ditudan gauzak kokatzen lagunduko lidake. Gure belaunaldiak kristautasunaren transmisio katea eten egin du, baina, aldi berean, ez du bizitza ordenatzeko erritualak berreskuratzen edo asmatzen jakin. Ez dakigu hildakoekin zer egin. Ahaztea ezinezkoa da, baina agurtzeko eta gogoratzeko modua aurkitu ezinda gabiltza. Beilatoki hotzetan egiten ditugun agurrek zer pentsatua ematen didate. Katolikoek ez dute burua apurtu beharrik: hildakoa ezagutzen ez duen pertsona batek hartzen du hartaz hitz egiteko ardura, eta beste guztiek aulkietan eserita kantatu egiten dute. Kristauak ginenean edo gizartea batez ere kristaua zenean bizitzaren etapa bakoitzak bere errituala zuen: bataioa, jaunartzea, ezkontza, hileta… Orain ez dago ezer, eta batzuetan behar dugu gauzak ospatzea, agurtzea, soltatzea…

Ez dut sinesmenaren eta fedearen aldeko alegoriarik egin nahi. Gure bizitza produktibistetan arnasa hartu eta gauza batzuk ospatu, agurtu, soltatu… behar genituzkeela iruditzen zait. Edo behintzat ondo legoke horretaz hausnartzea eta onartzen zailak diren gauzak kokatzen lagunduko diguten erritualak sortzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.