Onintza Enbeita

Errua

2025eko azaroaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nire bikotekidea sekulako aita dela entzuten dudan bakoitzean, lanera azkar bueltatu naizela esaten didatenean, umeak altzoan negar egiten didanean, beste ama batzuk umea bularrean dutela ikusten ditudanean… errudun sentitzen naiz. Ezin dut saihestu. Teoria badakit; eta ondo nagoenean ez dit ia ezerk eragiten. Badakit umeak aita eta ama gaituela, eta gaur bat faltako zaiola eta bihar bestea, eta titia ematen ia depresioraino saiatu nintzela, eta bertso txapelketa hiru hilabeteko gauza baino ez dela, eta tarteka ardo bat hartzeko eskubidea dudala. Hala ere, tarteka, zerbaitek eraso egiten dit urdailean, eta negar egiten dut; edo besterik gabe triste sentitzen naiz. Lagun feministekin elkartzeak on egiten dit, ze ez didate beti entzun nahi dudana esaten, baina entzun behar dudana esaten dutela iruditzen zait beti. Indartu egiten naiz. Ondo ari naizela sinisten dut une batez, gutxienez.

Oraindik asko daukagu emakumeok geure buruari barkatzeko, baina eskertuko nuke hor zehar esaten diren gauza asko esango ez balira. Idealizatutako ama garbi sakrifikatuek ez digute mesederik egiten. Ama zikin asko gaude, gauden lekura iristeko sakrifizio asko egin ondoren beste inora joan nahi ez dugunak, arrazoi bategatik edo besteagatik emakume bezala sekula idealizatu ez gintuztenak. Eta merezi dugu ama sentitzea. Ez on ez txar: ama. Besterik gabe.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.