Ni ez nintzen jaio inongo kudeatzaile izateko. Beti kudeatu ditut gaizki denbora eta dirua. Batez ere neureak. Orain ere guardia jaisten dudanean huts egiten dut. Ekonomia pertsonalean egindako akatsak neuk konpontzen ditut, baina denborarekin egindakoak beste batzuek ordaintzen dituzte. Eta azken boladan guardia jaitsita izan dut, antza. Urruti daude agenda buruan eramaten nuen garaiak, baina orain ere, errutinarik ez badaukat, idatziari ez diot begiratzen, eta ai ama! Seguruenetik ez da hainbesterako izango, eta jende askok izango ditu kudeaketa arazoak, baina niri harridura sortu didate beti ordurako eta leku guztietara iristen direnek. Bizitzan milaka gauza egin arren, ardura handiak hartu arren, sekula huts egiten ez dutenek. Miresmena sortzen didate, eta inbidia. Eta inbidia sanorik ez dago. Nahi nuke haien moduan egon egunean hamar lekutan eta guztietan gai ordena irakurrita, eta etxeko lanak eginda, eta sekula daturik edo eraman beharrekorik ahaztu gabe. Hori ez naiz ni, ordea. Eta inbidiak erretzen nauenean haien modukoa izan nahi nukeela jakin arren, halako inor ez egotea desiratzen dut. Izan ere, halakorik ez balego ez lirateke besteon akatsak hain nabarmen agertuko jendearen aurrean, eta tarteka geure buruari ezarritako errutina lasaiago apurtuko genuke. Nahiz eta geure buruaren kalterako izan.
Errutina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu