Umeez eta eskolez galdetu dit kulturari buruzko bideoa grabatzen ari ginela. Ezin izan diot nire beldurra ezkutatu. Bai, eskolak (publikoak, pribatuak zein ikastolak) beldurra ematen dit. Beldurra ematen dit gure umea bullyingaren biktima izan daitekeela pentsatzeak; are gehiago, jazartzailea balitz zer egingo nukeen kalkulatzeak. Beldurra beste gurasoekiko hartu behar dugun posizioa erabaki beharrak. Gure umeen lagunen gurasoen lagunak izan behar dugu? Beste umeekiko egin beharrekoak larritu egiten nau. Gure umeak esango balu bere urtebetetzean batzuk ez dituela gonbidatu nahi? Eta gonbidatzen ez dituen horiek baldin badira inork gonbidatu nahi ez dituenak? Eta gonbidatzen ez dituen horiek badira bakartuta daudenak, atzerritarrak direnak edo aniztasun funtzionala dutenak? Kezka handia sortzen didate irakasleek ere. Garai zailak dira hauek umeen heziketan parte hartzeko. Gurasook pentsatzen dugu umeak gureak, eta bakarrik gureak direla, eta desautorizatuta dago hezkuntza komunitatea hein handi batean. Eta gu ere halakoak bagara? Guk ere desautorizatu egiten badugu irakaslea? Aldi berean gustatuko litzaidake eskolak gure umeari euskararekiko eta euskal kulturarekiko atxikimendua garatzen laguntzea. «Ongi etorri orain arte libre kritikatu duzun gremiora», esanez bezala begiratzen didate lagunek. Beldur normalak ei dira.
Eskola
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu