Agian ni bakarrik izango naiz, baina ez nau askorik poztu AEBetako zenbait astronautak Ilargiari eman omen dioten bueltak. Ez ditut asko jarraitu dena gezurra dela esan dutenak ere. Badakit propaganda ariketa handia dagoela atzean, eta gu Ilargira begira gauden bitartean, Iranen, Gazan, Libanon edo Venezuelan sekulakoak egiten jarraituko dutela espazio ontziaren jabeek eta haren lagunek. Kontua da karrera espaziala deitzen diotena ez zaidala inporta. Pentsatzen dut gizakiok ea zertarako nahi ditugun planeta gehiago, hau berau zaintzeko kapaz ez bagara izan. Eneko Axperi entzun nion Ilargian eta Marten gizakiak bizi ahal izatea dela honen guztiaren azken helburua, baina ez omen da erraza: gizakiak Lurrean bizitzeko diseinatuta gaude, antza. Egongo da jendea oporrak Ilargian pasatzearekin amets egiten duena, baina benetan, hobeto gaude hemen. Izan ere, nik ez dakit zertarako diseinatuta gauden, baina azken 100 urteetan egin duguna dena izorratzea izan da: bizibide guztiak agortu egin ditugu. Espazioan bizitzarik badago, ondo. Hemendik ez dakit zenbat argi urtetara egon daitezkeen horiei guztiei desio diedan bakarra da gutako askorekin ez gurutzatzea; planeta hau manejatzen saiatzen ari diren psikopata horiekin guztiekin ez gurutzatzea sekula. Haiek Ilargira bidali eta gu hemen gelditzea ere ez baita plan ona.
Espazioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu