Begiratzen duzu mundu zabalera, eta ez dago nora begiratu. Israeldarrek krudelkeria itzelez jarraitzen dute palestinarren kontra. Venezuelatik zetozen berriak apaldu egin dira, baina ez dakigu nola dauden bertakoak benetan. Kuba mehatxupean dago. Minneapoliseko kaleek beldurra ematen dute. Afrikaz ez digute hitz egiten, baina urak ez doaz lasai han ere. Inperialismoa joandako garaia dela erakutsi ziguten eskolan, baina lehengo kolonizatzaileek orain ere hango baliabide naturalak nahi dituzte. Argentina sutan dago. Berton, urrunago joan gabe, jendea botatzen ari dira putre funtsek erosten dituzten eraikuntzetatik. Trump mundu guztiari gerra deklaratzen ari zaio, eta munduak ez du ia ezer egiten.
Ez dakit askorik geopolitikaz, baina gertatzen direnen aurrean nazioarteko komunitatea geldi ikustea estrategia baten parte dela pentsatzen dut askotan. Nahiago dute ez badugu inorengan eta ezerengan esperantzarik. Esperantzarik ez duenak borrokarako arrazoirik ere ez du. Begiratzen duzu batera eta bestera eta irtenbidea ez da gozoa. Palestinarren salbazioa Iran izan daiteke, baina han ere zer askatua bada. Errusiako presidentetzak zalantzak sortzen ditu, eta Txinarekiko menpekotasuna ez da AEBen arazoa bakarrik. Inork ez gaitu salbatuko, geuk geure burua salbatu ezik. Nik ez daukat esperantza galtzeko inolako esperantzarik.