Onintza Enbeita

Estatistikak

2025eko irailaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Umeei lo daudenean ere begiratu egiten zaiela esaten zuen gure amamak. Hala da. Telebistari nola egon izan naiz geure zein beste batzuen umeen loari begira. Eta gero ikusi izan dut ume horietako asko ziztu bizian hazi direla: atzo nola lo egiten zuten begiratzen nuela eta gaur ez dutela etxean lorik egiten, alegia. Denbora guk nahiko genukeen baino askoz azkarrago pasatzen da, eta hala ere, badago hari irabazi nahi dion jendea. Zahartzeko beldurra duen belaunaldia gara, alde batetik, eta bestetik, bizitza luzatzeko edozer asmatzeko prest gaude. Normala ere bada: ez zahartzeko aukera bakarra gazte hiltzea da.

Zahartzaroaz pentsatzen dugunean, denok irudikatzen dugu geure burua igandetan bermuta hartzen, edo Argentinarako pendiente genuen bidaia antolatzen, edo astean lau mendi buelta egiten, edo unibertsitatera bueltatzen...; baina atzo azokan esan zidan andre batek estatistikoki batzuk gaizki iritsiko garela zahartzarora. Gutako askok zainduak izan beharko dugula. Eta orduan pentsatu nuen zaintza erdigunera esaten dugunean oso gauza garrantzitsua esaten ari garela. Zaintza sistema publiko duina beharko dugu urte gutxi barru, eta gure osasun sistema kontrako bidean doa. Zerbait egin behar genuke berandu izan baino lehen. Estatistikoki gutako batzuk ezingo dugu edo dute manifestazioetara joan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.