Martxoa hemen dago. Agenda bete zaigu. Martxoaren 8an jende askok entzun nahi izaten gaitu. Gaitu: emakume sortzaileak. Badakit jende asko dagoela urte guztian entzuten gaituena, kasu egiten diguna. Espezie asko bizi gara, ordea, gizarte berean, eta batzuek martxoaren 8an bakarrik deitzen digute. Edo azaroaren 25ean. Eta berriz ere bete zaigu agenda: bertsoz, mahai inguruz, hitzaldiz, aurkezpenez, elkarrizketaz… eta ni ahotsik gabe gelditu naiz. Joan nintzen, ustez, herri euskaldun bateko larrialdi zerbitzuetara eta «hitz egin gaztelaniaz, ez dizut ulertuko bestela», esan zidan medikuak. Ahotsik gabe gelditu naizela esan nion, eta bertsolaria naizela. «Bertsolari?», esan zidan, «hori zer da, irakasle?». Eta etsi egin nuen. Ez neukan ahotsik eta mediku hari esplikatu behar nion igandean zortzi dituela martxoak, eta lan asko daukadala. Sintesia egin nion: «Necesito cantar, si no pierdo mucha pasta» (kantatu beharra daukat, bestela diru mordoa galduko dut). Pilulak eman zizkidan: hiru egun baino gehiagoan ez hartzeko agindu zidan.
Atera nintzen handik eta buruak leher egin zidan. Batetik, mediku onen eta erdaldunen arteko aldea argi gelditu zitzaidan halako momentu estuan. Bestetik, pentsatu nuen ez genuela merezi halako estresik urteko bolada bakar batean. Aste gogorra dator, generokideok. Mediku euskaldunak eta enpatikoak opa dizkizuet beste hainbat gauzaren artean.