Onintza Enbeita

Europa

2026ko urtarrilaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Europaren historia odolez eta konkistaz beteta dago. Afrika, Amerika zein Asiaren esplotazio gehienak Europan hasi ziren. Espainia, Frantzia, Ingalaterra, Belgika, Danimarka... hor zehar ibili dira mende luzeetan ez dagozkienak lapurtzen, herriak zapaltzen eta ondasunak ustiatzen. Izugarrikeria handia da Europaren historia, nahiz eta eskolan ia erromantikoki kontatu izan diguten. Horren zantzuak daude Londresko museoan dauden Atenasko Akropoliaren zatietan, Afrikako mapan, Hego Amerikan hitz egiten diren hizkuntzetan, Commonwealthean... Europak ez du ia inor bakean utzi. Monarkiek eta elizek edozer egin dute haien nagusitasuna mantendu eta aberasteko. Orain pentsatzen dut bueltan etortzen ari zaizkigula gauzak.

Trumpek Groenlandia nahi du. Groenlandia Danimarkarena izateak alarma asko piztu behar lizkiguke nahiz eta injustizietara ohituta gauden. Ameriketako Estatu Batuak europarrek eraiki zituzten bertakoak txikituta, hilda eta bortxatuta. Konkistatuek zapalduta jarraitzen dute, baina konkistatzaileen ondorengo zuri aberatsek ez dute bakerik nahi, eta lur arraroak behar dituzte. Beleak hezten dituenak begiak galtzeko arriskua dauka, kapitalismoak kolapsorako joera eta Europak bere izate zapaltzailea aldatzeko aukera. Mundua beste logika baten arabera eraikitzen hasi behar genuke dena leher egiteko zorian dagoen honetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA