Onintza Enbeita

Ez

2026ko otsailaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Agedari bularrak moztu zizkioten santu izendatu aurretik. Gutxi hitz egiten dugu hari buruz, baina ez dezagun ahaztu gizon boteretsu bati ezetz esatearren torturatu zutela. Ez zen Siziliako enperadorearen aurrean makurtu, eta hark mendeku hartu zion. Gero, santu izendatu zuten eta Jainkoarekiko fideltasuna goratu zuten harengan. Hori ondo dago, baina ez dezagun ahaztu oraindik ere irauten digun pisua: ezetz esatea garesti ordaindu dute emakume askok. Gehiegik. Ezetz esatea, gure inguruko zein urrunagoko gizonei aurrez aurre begiratzea, ez zaigu barkatu. Agedaren garaitik hona, mundua aldatu egin da, baina orain ere asko ez leudeke bularrak galtzetik urrun. Gogoratu bestela Nagore Laffage nora eraman zuen ezetz esateak. Umea nintzela Doña Ez deitzen zidan gure osaba zaharrak, eta orain neure buruari galdetzen diot ea noiz lapurtu zidaten ezetz lasai esateko gaitasuna: bizitzako esparru guztietan berrikasi behar izan dut ezetza. Nire inguruko emakume askok ikasi behar izan dute ezetz esateko eskubidea badutela.

Santuen izendegiari ez diot askorik jarraitzen, baina Agedak merezi du gure errespetu gorena. Mendeetan jasan dugun zapalkuntzaren adibide da oraindik ere bularrik gabeko santu emea. Haren ondoren emakume asko kriminalizatu, bortxatu edo hil dituzte haiek baino botere handiagoa duten gizonei ezetz esatearren. Ez ditzagun ahaztu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA