Gure gurasoen ezkontza xumea izan zen. Haien belaunaldiko beste askorena ere bai: printzesa soinekorik eta trajerik ez, jatetxe garestirik ez, urrutirako bidaiarik ez… Gizartearen arauak betetzeko beharrezko paperak sinatu, eta aurrera egin zuten. Ostean etorri garenok dena atera dugu lekutik. Neure buruari eskertu egiten diot daukadan adina: gure inguruan ezkondu behar zutenak ezkonduta daude, eta ez dut uste besteak orain zoratuko direnik. Kontua da ikusten ditudala lagun gazteagoak nola dabiltzan, eta harritu egiten naizela. Lagun batek eman diezazukeen goxokirik pozoitsuena bere bodako gonbidapena da gaur egun: arropa, oparia, despedida… Ez dago 1.000 eurotik jaisterik. Izan ere, ez du balio despedida ez egiteak, edo afari normala egiteak, edo ezkontzara bakeroetan joateak, edo zure diruaren araberako oparia egiteak. Ez. Urtean ezkontza bat baino gehiago dutenek bakoitzerako soineko dotore bat erosten dute, eta oparia bikoteak aukeratutako jatetxearen neurriko diru sobrea da ia beti, eta despedidak Mallorcan, Sevillan edo Londresen egiten dira. Ez dakit noiz atera ginen diseinatu ziguten bidetik: errazagoa eta zentzuzkoagoa zen.
Lagunekin egoteko denbora gutxi izateak zer pentsatua ematen dit batzuetan, baina lasai lo egiten dut. Behintzat ez naiz ezkondu, eta ez diet halako konpromiso mandorik eman.