Onintza Enbeita

Ezlekuak

2026ko urtarrilaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jende askok zin egiten dit azokara etorriko zaidala bisitan. Gehienak ez dira etortzen. Astelehena egun txarra delako, Gernika urruti dagoelako… edo batek daki zergatik. Ez daukat inori aurpegiratzeko ezer: niri ere bisitak atzeratu eta pilatu egiten zaizkit. Kontua da, ordea, atzo aurpegi ezagun bat jarri zitzaidala parean, isilik. Bi aldiz pentsatu behar izan nuen, eta azkenean konturatu nintzen ez zela aurpegi ezagun hutsa. Ondo antzean ezagutzen nuela bisitaria. Lotsa ere eman zidan lehen kolpean ez konturatzeak. Adina eta despistea izan zitezkeen, baina nik uste lekua zela. Ez dakit besteoi gertatzen zaizuen, baina niri kosta egiten zait jendea neuk kokatzen dudan lekutik kanpo enkajatzea. Ez nuen pentsatuko ataundar lagun bat, astelehen goiz batean, Gernikan ager zitekeenik, eta begira-begira gelditu nintzen mozoloa gauari nola.

Harrigarria da nola lotzen ditugun pertsonak leku eta egoera konkretuekin. Kosta egiten zaigu haietatik kanpo egon daitezkeela imajinatzea. Geu hara eta hona gabiltzanean ere izango da hori pentsatzen duenik, baina gure ustez gu ibiltzea normala da. Besteak ibiltzeak harritzen gaitu, eta hala galdetzen diogu ezlekuan ikusten dugunari: «Nolatan, bada, zu hemen?». Eta gu gauden lekua geure eremua bai baina besteena ez balitz legez esaten dugu: «Ene! Ez nuen zu hemen ikusterik espero».

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA