Telebistan entzun diot gizon zuri heterosexual bati igandean Gasteizen elkartu ziren guztiak faxistak izan zirela: bai Falangekoak eta bai haien kontra bildu zirenak. Diskurtso arriskutsua da muturrak elkartzen dituena. Faxismoak jendearen askatasuna mugatu egin nahi du, eta horregatik da esanguratsua nork berdintzen dituen faxista eta haren kontra ari dena. Eskuin muturraren diskurtsoa entzuten badugu, ez dute sexu bereko pertsonek larrutan egin dezaten nahi, emakumeen askatasuna haien etxeko sukaldekora mugatu nahi dute, gure hizkuntza desagerrarazi egin nahi dute, eskoletan kontatu nahi duten historia garaipen faxisten araberakoa da, txirotasuna sortzen dute eta gero txiroak gorroto dituzte, ez dute inor beste inondik etortzerik nahi, langileak esplotatzeari zilegi deritzote, medikuarenera joatea pertsona gutxi batzuen pribilegioa izatea ondo iruditzen zaie... Faxismoak ez gaitu pertsona guztiok berdin ikusten. Gehiago esango nuke: faxismoarentzat badaude pertsona batzuk, eta beste guztiok ez gara pertsona izatera iristen. Ez behintzat giza eskubideei dagokienez.
Horregatik pentsatzen dut bereizi behar direla faxismoa eta faxismoaren kontra daudenak. Bakoitzak pentsatuko du zein bide den zilegi eta zein ez faxismoari aurre egiteko, baina faxistak gauza bat dira eta hari aurre egiten diotenak, beste bat.