Azokara joaten hasi nintzenean, behar baino lehen agurtu gintuen emakume bat izaten zen nire ondoko postuan. Joan-etorrian zebilen jendeari adi egoten zen, eta behin puzka hasi zitzaidan: «Ikusi dozu hori? Hemen agur itzelak egiten deustaz, baina herrian ikusi behar zelakoa dan! Domekaro joaten da mezatara eta elizako atea pasau orduko nori atzetik sakatu pentsetan egoten da!». Gure amak ere askotan kritikatu izan ditu guztion bistara oso elizkoiak direnak: santuei begira bizi diren askok jendearekiko malezia handia dutela esaten du. Egia da eliza kanpoan bekatu egin eta barruan barkamena eskatzera ohituta dagoenak bere burua salbatuta ikusiko duela, baina kontuz! Fedeak ez ditu guztiak salbatzen.
Edith Piaf handiari ez zioten hileta mezarik egin hil zenean. Dibortziatua zen, eta behin dibortziatuta ezin zenez berriz katolikoki ezkondu, Eliza ortodoxoan ezkondu zen. Gainera, Vatikanoko aldizkariak argitaratu zuenez, zorion prefabrikatuaren idoloa ere bazen Piaff. Hura hil eta 50 urtera onartu zuen Frantziako Elizak gaizki egin zutela hura fededuna izan eta hileta mezarik ez emanda, eta merezitako agurra egin zioten. Beraz, nik ez diot inori festa izorratu nahi, baina elizako atea gurutzatu orduko nori min egin pentsatzen ari direnek tentuz ibili behar lukete. Baten bat libratuko da, baina fedeak ez ditu denak salbatuko.