Ez dakit bihar zelan egongo garen gaur Casillan kantatuko dugun zortzi bertsolariok, edo finalaren ateetan geratu den bederatzigarrena. Ez dakit nork izango duen biharamunik handiena, nork ez duen lorik egingo gau osoan nahiz eta parrandara ez atera, nork pentsatuko duen berak hobeto egingo zukeela, nork irabaziko duen… Kinielek hau edo beste esango dute, baina inork ezingo dugu aurreikusi zer gertatuko den. Agertokietan urte batzuk egin eta gero, uste dut asmatu behar genukeela bertso finalera ziurtasunekin joaten. Guk bertsotan egiten badakigu, eta horrek baino ez gintuzke arduratu behar: publikoarekin konektatu eta gozatu. Gure jardunean, tantoak ez dira gure esku egoten. Guk kantatu egiten dugu, baina zenbat tanto dagozkigun ez dugu guk erabakitzen; beraz, zertarako burua apurtu kontrolatzen ez ditugun kontuez pentsatzen?
Urduritasun honetan beste zerbaitez idatzi nahiko nuke, baina hori ere zail daukat. Ezin baitut burutik kendu gaur arratsaldea. Beraz, badaezpada ere, aldez aurretik esango ditut barkatu eta eskerrik asko. Segun eta zer gertatzen den, har dezala bakoitzak bata edo bestea. Baina, batez ere, ez ahaztu, San Mamesen edo Anoetan gertatzen ez den bezala, hor ari garen zortziok ez gaituela lehiak aberastuko. Beraz, gertatzen dena gertatzen dela, ez dezagun ezer lekutik atera.