Badakit ez naizela bakarra, baina sutan jartzen naiz ikastola esan beharrean la ikas esaten didatenean, edo la korrika, los aitas, el sirimiri... Ezin dut jasan. Bueno, jasan bai; gure bizitzen parte da hitz egiteko modu hori, baina ez zait gustatzen. Iruditzen zait gure konplexuak baino ez ditugula adierazten gaztelaniaz mintzo garela euskarazko hitzak tartekatzen ditugunean. Euskara ikasteko gogorik ez duten askok sinpatikoago agertu nahi izan dute horrela, eta guk konturatu gabe erosi diegu moldea gure hizkuntza folklorizatzeko. Gu ez gara askotan karikaturizatu gaituztenak. Ez gara gaztelaniaz gaizki egiten dugun komunitate bat. Gu komunitate euskalduna gara, eta gehienok oso ondo dakigu gaztelaniaz eta ez dakit gero zergatik ez dugun garbi egiten, euskal kutsua ematen saiatu gabe. Nik ez dut ezagutzen hizkuntza hegemonikoan bizi den inor beste hizkuntza batean ari denean bere hizkuntzako hitzak apropos sartzen dituenik. Zertarako? Inork ez du zalantzan jartzen haren hizkuntza izan badenik, nahiz eta bera beste hizkuntza batean mintzo den. Guk, ordea, etengabe erakutsi behar dugu hizkuntza bat badugula eta gure hizkuntzan komunikatzera ohituta gaudela. Eta erdaldunek interpelatzen gaituzten aldiro hasten gara esplikatzen zergatik den gure hizkuntza altxor bat, haiei ez zaiela inporta igarri gabe.
Folklorizazioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu