Onintza Enbeita

Gaiztoak

2026ko martxoaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zaila da kalkulatzea noraino eragingo digun gutako bakoitzari gerrak. Urruti ikusten ditugu bonbak, gertu petrolioaren eta gasaren prezioa. Ez ditugu erabat ikusten lehen bonba jaurti dutenen interesak, ez gara erabat enpatikoak haien burua defendatu nahi dutenekin. Ez genuen begiko Irango erregimena, baina ez da Netanyahu demokrazia hedatzeko pertsonarik egokiena. Beldurra ematen du guztiak. Gero eta argiago dago Israelek ez duela Palestina bakarrik nahi: Ekialde Hurbil osoa nahi du. Europari eta AEBei ez datorkie gaizki Israelen arabera eraikitako Ekialde Hurbila, eta hark egiten duen edozein sarraski justifikatzen ahalegintzen dira. Gazako genozidioa ez da amaitu. Libanori eta Siriari ez zaie bonbardaketa batetik berreskuratzeko aukerarik ematen hurrengoa datorrenerako. Irakez ez dakigu ezer: urkatu zuten presidentea baina inork ez daki bertakoak lehen baino hobeto bizi diren. Petrolioa nahi du mundu kapitalistak, musulmanik ez du nahi faxismoak, emakumeak ez zaizkio batere inporta heteropatriarkatuari (ez Irangoak ez inongoak), umeak hiltzen ditu psikopatia geopolitikoak... eta oraindik ere esaten digute pozik egon behar dugula Maduro atxilotu dutelako eta Khamenei hilda dagoelako. Poztu, poztu gintezke, baina ustez gaiztoak direnak bahitu eta hiltzen dituzten arren, gauzek gain behera jarraitzen dute. Beraz, nortzuk dira gaiztoak hemen?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA