Onintza Enbeita

Garaipenak

2026ko ekainaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Indarkeria matxista betirako desagerraraztea zaila da. Sistemak ahalbidetu eta bultzatu egiten du. Hala ere, garaipen txiki bakoitza da ederra. Irabazten dugun milimetro bakoitzak balio du. Sekulako poza hartu dut Zestoako seiak absolbitu egin dituztela entzun dudanean. Beste ezerk ez luke zentzurik izango: frogatuta gelditu zen epaiketan egin zuten bakarra indarkeria jasandako laguna babestea izan zela. Laguna eta babesa berba handiak dira ahizpen artean; are gehiago indarkeria jasaten ari den lagunaz ari garenean. Larritzen nauena da pozarekin batera lasaitua hartu dugula. Hori esan didate ingurukoek ere, pozari lasaitua gailendu zaiola. Nahi dugu sinistu justizia sisteman, baina ezin dugu. Salaketa jartzen duen edozein neskak daki zer bide egin behar den, eta zein emaitza gutxi lortzen ditugun polizia etxeetan eta epaitegietan.

Oraindik asko falta zaigu egiteko: gehiagotan eroriko gara, min emango digute, baztertu egingo gaituzte, trabak jarriko dizkigute… oraindik ere lekutan dago amesten dugun lekua, baina asteburu honetan marianito bat gutxienez edan behar dut Zestoako seien alde, biktimarik handiena haiek babestu zuten laguna dela ahaztu gabe. Eskerrik asko seioi gorputza jartzearren. Berriro ere erakutsi diguzue gutako inor ez dela bakarrik egongo sareak eraikitzeko gai garen bitartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE