Irailean berriro itzultzen da azokara neguko martxa. Atzo goizean ohiko bezeroak itzuli ziren, bakoitza bere ohiko ordutegian. Igandean ahizpei lehen bezeroen izenak esan nizkien eta hirutik bi asmatu egin nituen. Errutina itzuli da. Hemendik aurrera gutxituz joango da bezero kopurua eta datorren urteko lehen bi hilabeteetan ez da ia inor ibiliko. Gauza onak ere baditu errutinak, dena den: jende ezaguna, elkarrizketa interesgarriak, maitasuna, konfiantza… astelehenerokoan sorpresarik ez da izaten, ordea. Badakizu norekin ibili behar duzun adi ez dezan ezer ahaztuta utzi, erraz igartzen diozu ezer erosiko ez duenari, beti bezala muxuak ematera baino ez datorrena urrunetik ikusten duzu…
Batzuetan nagitu egiten nau errutinara itzultzeak. Ez dut uste bakarra naizenik. Jende gehienak sorpresaz betetako bizitza amesten du; hori da idealtzat saltzen digutena. Gauza berriak probatzeko dei egiten digute, estimuluz betetzen gaituzte; baina nik aurten eskertu egin dut betiko jendea. Pozik hartu dut ohiko erritmoa. Atzo goizean ez nuen nagirik izan. Inoiz baino gehiago eskertu dut aurten betiko bezeroak ikustea, eta kezkarik handiena tomateen kolorea eta tamaina izatea. Batzuetan garrantzitsuak ez diren gauzek hankekin lurra ukitzen laguntzen digute, eta gero, horri esker, garrantzitsua zer den kalkulatzen dugu.