Onintza Enbeita

Goazen Durangora

2025eko abenduaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez genituen han erositako liburu guztiak irakurri lehen ere, baina goazen Durangora. Erakusleiho ederra da ezagutzen ez ditugun idazleak deskubritzeko, edo elkarrizketarik irakurri ez diogun idazle baten liburua irakurtzeko. Ezin baitugu guk ere geure burua engainatu: ez gara hain alternatiboak. Guk ere, aukeratzeko jartzen dizkiguten liburuen artean aukeratzen dugu zein irakurri. Musikariak ere han izango dira. Goazen Durangora. Aurten Ruperrek diskoa atera du. Aspaldian ez dut CDrik ipintzen etxean, telefono mobiletik entzuten dut musika, baina zergatik ez dugu diskoa erosiko? Gordetzeko ere ederrak diren gauzak badira kulturan. Gainera, aspaldi ikusi ez dugun jendea ibiliko da han artisten bueltan. Goazen Durangora. Amak aurten esan dit bera ez dagoela jende asko dagoen lekuetan ibiltzeko moduan eta aunkesea Jakobaren egutegia erosteko berari. Horregatik bakarrik merezi du: goazen Durangora. Jakobak ez dakit zenbatgarren urtez sinatuko duen Ormetxeko Rosa Marirentzat eta aitak marmar egingo du ilgorak eta ilbeherak ez dituelako diren moduan esaten. Goazen Durangora. Lankide zaharrak, editore berriak, maitasun platoniko betikoak eta dezepzionatu gaituztenak, lagun idazleak, osaba zaharrak eta lehengusina berriak… han daude denak. Goazen Durangora, baina apar hori guztia ez dadila astelehenean amaitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.