Bertso bazkari batetik bueltan gentozen etxera. Asko maite dut, eta ez bertsotarako lagun ona delako bakarrik. Gardena da, eta, gizona izan arren, zaurgarri egiten duten gauzen inguruan hitz egitea gustatzen zaio. Duela urte batzuk gernikar batek egindako bortxaketaz aritu ginen. Jende askok Sare Feministaren kontra egin zuela gogoratu genion elkarri, eta, denborak arrazoia eman zien arren, inork ez diela barkamenik eskatu. Epaia eta hari buruzko berriak latzak izan ziren: salaketa jarri zuen neskaren baginan herriko seme jatorraren esperma arrastoak aurkitu zituzten mediku frogetan. Nire lagun bertsolariak zintzotasunez esan zidan berak ere ez zuela ondo erreakzionatu: kosta egin zitzaiola erreakzionatzea. Eta esan zidan, «nik pentsetan dot mutilek alkar tapetan dogula». Touché! Eraso guztiak gertatzen dira gizarteak, familiak, eskolak eta sistemak gizonak babesten dituztelako. Esaten digute mutilen arteko harremanak ez direla sakonak izaten, ez dutela gauza garrantzitsuez hitz egiten: ez dute behar. Badakite noiz babestu behar duten elkar, zer ukatu behar duten, zer zalantzan jarri. Patriarkatuak horretarako hezi ditu, horretan entrenatu ditu.
Guztioi kostatzen zaigu bortxaketa, manipulazioa edo erasoa gutako batek egin dituela onartzea. Ikasi beharko dugu ulertzen, halakorik egin badu, gurea izateari utzi egin diola.

