Ez da izan Disneyren errua bakarrik. Gure harreman guztiak idealizatu eta lohitu ditugu. Kontestu kulturalak eragina izan du. Familia, gurasoak, lagunak, kuadrilla... dena kutsatu dugu izan beharko lukeenarekin. Lagunak ikusten ditut amaren irudia erabat idealizatu dutenak, eta niri urteak kosta zait gure amarekin dudan harremana ere harreman normala dela onartzea. Kuadrilletan banatu gintuzten umetan, eta handik ihes egin genuenok beti izan dugu zama hori. Zaila da igande eguerdian txibierroak jateko plana egitea taberna eta talde jakin batekin identifikatzen ez bazaituzte zure herrian. Neba-arrebekin zenbat eta nola egon behar dugun ere idatzita dagoela iruditzen zait batzuetan: asko baina gehiegi ez. Gutxi baina gutxiegi ez. Beti bada zerbait. Eta minik handiena mutil gaiztoak gustatzen zitzaizkigula esan zigunak egin zigun. Bizitza erdia kosta zait min egiten diguten pertsonak ez direla maite behar ikastea. Nola gustatuko zaizkigu gizon gaiztoak min ematen badigute?
Dena daukagu desikasteko. Harreman sare osoa berrikusi behar dugu. Badut lagun min bat oso gaizki pasatu zuena jende askok bizkarra eman ziolako gehien behar zuenean. Egoerak garbiketa egiteko balio izan ziola esan zidan gerora. Horrelako zerbait egin behar dugu gure harreman guztiekin: berrikusi eta garbitu. Esan ziguten baino ederrago eta libreago izan.