Onintza Enbeita

Has gaitezen

2026ko otsailaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Otsaila hasi da gaur. Aurten hogeita zortzi egun baino ez ditu izango. Azkar iritsi da. Ez dut esango inoiz baino azkarrago heldu denik, baina nahi nuen baino askoz lehenago sartu gara zezeilean. Urteak bere martxa darama, eta gu oraindik urtearen hasieran geure buruari egin genizkion promesak biharko uzten ari gara. Oraindik ez dugu bizitza erabat ordenatu, oraindik ez dugu ahizpon artean etxeko arduren banaketaz hitz egin, oraindik ez dugu umea irailean eskolara eramango dugun edo ez erabaki, oraindik ez naiz eliptikoaren gainean jarri, oraindik ez diot azukrea jateari utzi, oraindik ez diet aspaldiko lagunei deitu, oraindik ez dut mobilaren erabilera gutxitu, oraindik ez ditut gau mahaiko liburu guztiak irakurri. Otsaila da. Hemendik aurrera promesek ez dute balio. Irailak beste hasiera bat jartzeko aitzakia emango digu, baina honezkero ez bagara urtarrilean egitekoak ginena egiten hasi, berandu goaz. Ni berandu noa.

Agian horregatik gustatzen zait otsaila gero eta gutxiago. Betetzen ez ditudan promes guztiak ekartzen dizkit eta beti harrapatzen nau ileak orraztu gabe. Urtarrilari zentzua kentzen dio otsailak. Bai behintzat antolatzeko gaitasun gutxiago dugunon bizitzetan. Heldu da, hala ere, hemen dago. Bere santa eske, txitxi burruntzi eta inauteri. Ez dadila alferrik izan. Has gaitezen benetan.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA