Onintza Enbeita

Hizkuntza

2025eko azaroaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez zaizkit asko gustatzen gure hizkuntza esplikatuz sareetan bolo-bolo dabiltzan bideoak. Ez dut uste hizkuntza hegemonikoetan mintzo direnek gauza asko azaltzen dituztenik: ulertu nahi badituzu ulertuko dituzu, eta, bestela, haiek haienean jarraitzen dute. Ingelesez ikasten ari nintzenean, inork ez zidan esplikatu zergatik den polita maitasunean erori egiten direla esatea, edo gaztelaniaz ari garenean ez digute esplikatzen zergatik egiten dioten patioari erreferentzia gauzak gaizki daudela esan nahi dutenean. Haien hitzak eta esamoldeak direnak dira, eta kito. Gu, ordea, hor ari gara munduari azaltzen zirimiria berba ederra dela euriari deitzeko, edo bihotza bi hotsetik datorrela, edo asmatzen dugun beste edozein horterada, jendea gure hizkuntzaren balioaz jabetu dadin. Bai, horteradak. Ze zirimiria ez da euria esateko hitza, euria egiteko modu konkretu bat esplikatzekoa baino. Eta horrela dena.

Guk ez bagenu konplexurik izango gure hizkuntzan hitz egiteko, ez liguke inportako Europako hizkuntzarik zaharrena den edo ez. Gure hizkuntza da, gure komunikatzeko modua, hemen bizi izan direnek mundua esplikatzeko izan dituzten hitzekin eraikia. Bizkaiko leku askotan, esate baterako, azaroari zemendia deitzen zaio, eta euri giro tristeari azaroa. Kontua da azaroan ortura joan ezin diren baserritarrak ez daudela modan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.