Guri eskolan ez zigun inork homosexualitateaz hitz egin. Inork ez zigun esplikatu 1.500 biztanleko udalerri hartan jendea zoriontsu izateak ez duela esan nahi mundu guztiak hala bizi behar duenik zoriontsu izateko. Inork ez zigun sexua esplikatu ugalketaz harago. Gogoratzen naiz sexologoa deitzen zioten gizon bat etorri zela behin eskolara, eta mutilek beren zakilari eta plazerari buruzko galdera txoroz boikotatu zutela zerbait desberdina entzuteko eman zitzaigun aukera bakarra. Ez genuen pelikularik ikusi maitasun erromantikoaz ari ez zenik. Ez genuen irakurri heteronormatiboa ez zen ezer ez inor. Gernikako institutura joan ginenean ez zen gaitegia asko ireki. Zerbait bai: póntelo, pónselo-ren garai betea zen. Literaturan eta historian izan ziren begirada zabaldu ziguten zenbait irakasle, baina guk maite genituen neska eta mutil askok ez zuten euren burua aurkitzen gehienok eroso ibiltzen ginen tokian. Esparru intimoetan esplikatzen ziguten zergatia, baina herriko plazan ez genuen gaiaz ia ezer esaten.
Eta horrela egin gintuzten nahi gabe, baina nahita, heterosexual eta heteronormatibo. Eta orain ideologia LGTBIQ+ mespretxuz deitzen diotenaren beldur direnak ez dakit nola ez diren eskandalizatzen gurekin egin zutenarekin. Gure lagun askori umezaroa eta nerabezaroa izorratu zizkioten.