Beti gustatu izan zaizkit inauteriak, baina gure ingurukoak sofistikatuak dira. Egia esan, kostalderantz mugitu ezean, zozoak ere bai. Umeak mozorrotzen dituzte gurasoek, baina gero eurek beste edozein egunetan bezala poteatzen dute. Urdaibaiko itsasbazterrean barruan baino ederragoak dira inauteriak. Eta, hala ere, Zubietan aurkitu nituen bermeotarrek muturra okertu zidaten. Gustatzen zaizkie haien herriko inauteriak, baina urtero joaten dira Zubietara. Aurten hiru mozorro jantzi zituzten egun bakarrean. Ederto pasatu zutela esan ziguten, «baina eskerrak hemen harro janzten garela etxeko trapu zaharrekin. Bermeoko adina gauza erosi beharko bagenitu, edo josten hasi beharko bagenu apain-apain joateko, akabo!». Eta entzun orduko gogoratu nintzen gure ahizpak zenbat aldiz esan didan nirekin inauteriak dibertigarriak direla, baina mozorroak ez hainbeste. Nirekin beti janzten omen da itsusi.
Uste dut Bermeoko lagunak Zubietara eramaten dituena ez dela aurrekontua. Inauteria inauteriagoa da han: oinarrizkoagoa eta salbaiagoa. Gainera zintzarriek magia egiten dute eta inposatutako neurrietan kabitzen ez ginelako nerabezaro osoan desberdin mozorrotu ginenontzat paradisua da. Kuadrilla minigonadun Txanogorritxuz jantzi delako mozorrotu gabe gelditu behar ez duzun lekuak badira. Libre eta otso mozorrotu zaitezkeen lekuak.