Onintza Enbeita

Inbaditzaileak

2026ko apirilaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sartu punta batetik eta bestetik atera ginen: ezer kontsumitu gabe. Ez genuen kaferik hartu, ez genuen souvenirrik erosi, ez genuen meriendarako fruta hartzeko aprobetxatu. Sartu ginen herrira errekaren ondotik eta atera ginen goiko kaletik. Gaizki sentitu nintzen. Aparkalekua ordaindu genuela jakiteak lasaitu egin ninduen. Ez zen merkea gainera. Niri amorrua ematen dit gure inguruan aterrizatu eta euro bat bera ere utzi gabe joaten den jendeak. Nahiz eta jakin badakidan gastatzen dutenen dirua poltsiko pribatuetara joaten dela. Badakit tabernek, hotelek eta dendek zergak ordaintzen dituztela, baina hala ere. Askotan pentsatzen dut izan beharko genukeela modu bat turismo inbasiboak bere kalteak ordain ditzan. 

Kontua da atera ginela herri polit hartatik txakur txikirik gastatu gabe eta ez zela ezer gertatu: ez zen inor hil, ez ziguten gurpilik zulatu, ez ziguten ez itzultzekorik esan, ez gintuen argi gorri batek jarraitu… hurrengo herrian aurrekoan egin gabeko gastu guztiak egin nituen: umearentzako fruta erosi, tragoa hartu… ea lasaitu nintzen galdetu zidan ondokoak. Baietz erantzun nion algaraka, baina ez da lasaitze kontua. Badakit gu ez garela inbasibo sentitzen, baina modu bat asmatu behar genuke guk ere, geuk bidaiatzen dugunean sortzen ditugun kalteak ordaintzeko. Ez baita karbono aztarna bakarrik. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA